Txakurrak lepokoarekin eta uhalarekin lotuta ibili beharko dira bide publikoetan eta pertsonak dabiltzan gainontzeko leku guztietan, eta egoerak hala behartzen duenean, aske ibili ahalko dira jabearen ondo-ondotik badoaz. Udal agintariek bozala ipintzeko agindu ahal izango dute egoerak hala eskatuta, eta baldin eta txakurrak lehendik ere inoiz haginka egin badu, edo argi erakutsi bada txakur arriskutsua dela. Debekatuta dago txakurrak lorategi eta parke publikoetara sartzea.

Debekatuta dago animaliak honako leku hauetan sartzea:

  1. Edozein motako elikagaiak fabrikatu, gorde, garraiatu edo saltzeko lekuak.
  2. Ikuskizun publiko, ikuskizun kulturaletako, kirol ikuskizunetako eta josteta ikuskizunetako lokaletara, igerileku publikoetara eta osasun zentroetara. Bakarrik sartu ahal izango dira leku horietan animalien lehiaketak edo ikuskizunak antolatzen direnean.
  3. Ikastetxeetara, salbu eta heziketa prozesuan behar badira, eta zuzendariaren edo zentroko arduradunaren erantzukizuna izango da.

Leku guzti horien titularrek debeku hau adierazten duten seinaleak ipini behar izango dituzte ondo ikusteko moduan.

Ostalaritza arloko establezimendu publikoen jabeek, hau da taberna, pentsio, jantoki, hotel, kafetegi edo antzekoen jabeek debekatu ahal izango dute, nahi izanez gero, bertan txakurrak sartzea. Txakurrak sartuz gero, ordea, derrigorrez eskatu beharko dute txakurrek identifikazioa izatea, uhalarekin lotuta egotea eta bozala ipinita izatea, txakurraren ezaugarriek eta izaerak halakorik eskatzen badute. Bestalde, txakurrek ezin izango dute gaixotasun sintomarik eduki edo zikinak egon. Ezin izango da txakurrik sartu janaria egin eta manipulatzen den lekuetan.

Toki komunitario pribatuetan, hau da, kultur elkarte, josteta elkarte, auzokideen komunitateen erabilerarako zona eta abarretan animaliak sartu eta egon ahalko dira, baldin eta entitate horiek dituzten arauek onartzen badituzte eta arauak betetzen badituzte.

Igogailua hartzeko orduan, bertan sartu behar dutenek, ez badute animaliarekin batera sartu nahi, ez dira igogailuan batera sartuko.

Debekatuta dago garraio publikoetan animaliak garraiatzea. Garraiatu ahal izango dira, ordea, animalien garraiorako leku berezituak dituztenetan. Edozelan ere, animalia geldirik joan behar izango da poltsa, otzara edo bestelako lekuren batean. Animalia taxiz eramaten bada, taxiaren titularrak esandakoa bete behar izango da.

Gida-txakurrentzat ez dago debekatuta aurreko artikuluetan aipatutako lekuetan sartzea, baldin eta gida-txakur lanetan ari badira eta osasun baldintza egokiak betetzen badituzte, gaixotasun edo agresibitate zantzurik ez bazaie nabari, garbi badaude eta pertsonen osasunari kalterik egiteko arriskurik ez badago. Debekatuta daukate, ordea, janaria egin, gorde eta saltzen diren lekuetan sartzea.

Pertsona minusbaliatuekin dabiltzan gida-txakurrak garraio publikoetan sartu ahal izango dira.

Debekatuta dago txakur gorotza lagatzea erabilera publikoa duten bide eta plazetan, haurren parkeetan, lorategietan,txakur-tokietan eta, oro har, apaingarrirako edota pertsonen joan-etorrirako diren lekuetan.

Aurreko pasartean aipatutako edozein lekutan txakurrak gorotza lagatzen badu, txakur-jabeak edo txakurra daramanak dauka gorotza jasotzeko ardura. Horretarako, poltsa irazgaitzetan sartu, poltsa itxi eta zakarrontzietara edo udal zerbitzuek adierazitako bestelako tokietara botako du.

Udalak txakurrak ibiltzeko eta jostatzeko prestatutako guneetan, hau da txakur-tokietan, ibili ahal izango dira txakurrak eta ezingo dira lorategi eta parke publikoetara eraman.Konpainiako animalien gorotzak jasotzeko Udalak jarri dituen eta jarriko dituen ekipamendu egokiak erabiliko dituzte hauen jabe edo ardura dutenek. Ekipamendu hauen kokapena ondo seinalizatuta egongo da.

Animalia bide publikoetan egon edo ibiltzen bada, eta norbaiti eta ondasun publiko zein pribatuei kalterik egiten badie, jabea izango da kalteen erantzulea.